XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sorginak, deabruaren emakume aliatuak

Mende honetan ere sorginak bazirela sinesten zen.

Ez sorgin abstraktuak; sorginkeriekin erlazionatzen zituzten pertsona zehatzak baizik.

Ez zen sexu batekoen gauza.

Gizonak zein emakumeak ari zitezkeen sorginkeriatan.

Egia da, gehienetan sorginkeria emakumeekin erlazionatzen zela, eta askotan emakume zaharrekin gainera.

Sorginak, hil aurretik, bere botereak bere senideren bati transmititzen dizkiola pentsatzen da.

Horretarako, hilzorian zegoen sorginak bere botereak jaso behar zituenaren eskua bere eskuen artean hartzea nahikoa zen, eta horrela botereak sorginak aukeratutakoari pasatzen zitzaizkion.

Sorginkeria zenbait liburutan ikas zitekeela ere uste zuten.

Liburu haiek nolabaiteko bizitza propioa zuten; sutan ez suntsitzeaz gain, irakurtzen zirenarekin batera gauzak higitzeko gaitasuna baitzuten.

Sineskeria hauek orain dela gutxi arte iraun dute Pirinioetako leku askotan.

Sorginkeriaren azpijoko gaiztoek umeek jan ez nahi izatea eragiten zutela esaten zen.

Gaueko zaratak zein pertsona batzuek duten zorigaiztoa (dena gaizki egiten dutenena) ere sorginen batek eragina da.

Sorginen iharduerak ia gehienetan mendekuak dira.

Sorginek animalia bihurtzeko eta hegan egiteko gaitasuna dute.

Sorginak bildu eta beren festak (akelarre ospetsuak) ospatzen zituzten ustezko lekuak oso ugari dira Pirinio guztian zehar.

Toponimoak ere bai, noski.

Sorginek eragindako gaitzen aurka mota guztietako ekintzak burutzen ziren.

Gaitza desegin zezan eragin zuen sorginarengana joatea zen eraginkorrena.

Hori lortzeko, mehatxatu egiten zitzaion.

Lehenago ordea, zehatz-mehatz jakin behar zen gaitza eragin zuen sorgina zein zen, noski.

Horretarako, eta beste eginkizun batzuetarako, igarleak zeuden.